Aste honetako atala denboraldiko azkena izango da, horregatik, eta udako
oporretara begira, gomendio literario batzuk ekarri dizkizuegu,
Palestinako aferaren diskurtsoa argudio sendoz jantzi dezagun. Beraz,
ikasturteko azken irratsaio honetan Txalaparta argitaletxeko Jon Jimenez
izan dugu gonbidatuta. Haren eskutik
"Conversaciones sobre Palestina" (Palestinaren inguruko solasaldiak) liburua aurkeztu dizuegu. Frank Barat kazetari eta ekintzaileak zuzendutako proiektuak
Ilan Pappe historialaria eta Noam Chomsky hizkuntzalaria bildu ditu aurrez aurre
eta mahai beraren bueltan Palestinako aferari buruzko haien iritziak
trukatzeko. Palestinarekiko elkartasun jarreretatik abiatuta, zeinek
bere iritziak jarri ditu mahai gainean, zenbaitetan kontrajarriak ere
zirelarik. Barat bitartekariak hiru atal planteatu dizkie: Nakbatik
aurrerako Palestinaren okupazioaren historia, egungo egoera eta Israelgo
erregimenaren aurkako borroka tresnak, eta etorkinzuneko balizko
konponbideak. Eztabaida biziki aberasgarria da zenbait arlo gatazkatsuen
inguruko iritzi trukaketari dagokionez, hala nola, BDZ mugimenduaren
eraginkortasuna Israelgo erregimenaren aurkako tresna gisa, Israelgo eta
Hegoafrikako apartheid erregimenen arteko parekotasunak eta aldeak,
edota estatu bakarreko konponbidea bi estatuenaren aurrean. Bestalde,
denboraldian zehar aurkeztu ditugun beste liburu batzuk ere gomendatu
ditugu; besteak beste;
"Historia del movimiento de mujeres en Palestina", Mar Gijonena, edota
"Contra el olvido. Una memoria fotográfica de Palestina antes de la Nakba, 1889-1948",
Teresa Arangurenena. Merezitako oporraldi baten bueltan berriro izango
gaituzue entzungai Hala Bedi eta 97.0 irrati libreen uhinetan,
Palestinarekiko inkomunikazioaren harresiak birrintzen.